Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu.
Cookie-n Politika

ONDARE NATURA

Fotografía Patrimonio Natural
Fotografía Patrimonio Natural

Arga ibaiak egituratutako Esteribar bailarak altxor natural ugari gordetzen ditu bere baitan. 140km2etan barna, kontraste handiko lurraldea dugu iparraldetik hasi, erdialdetik igaro eta hegoalderaino. Iparrean kokatzen den Kintoko oihaneko pagadiak atzean utzi eta hegoalderantz hurbildu ahala, paisaia eraldatuz doa, eta betiere Arga ibaia lagun, ugariak dira ibaiertzeko basoak, pinudiak, paisaia-balio handiko haitzak zein begiratoki naturalak.

Bisitatzen den garaiaren arabera, urtaroen artean sortzen diren paisaia eta kolore-sorta zabalen kontraste harrigarriak txunditu ohi du bisitaria.

Udazkenarekin, kolore gorrixkek eta okreek margotzen dute paisaia. Pixkanaka, zuhaitzek hostoak galdu eta alfonbra gorrixka osatuko dute, hotza heldu aurretik, ernetzen ari diren onddo eta perretxikoak gorde nahiko balituzte bezala. Gaztainez gain, udazkeneko beste hainbat fruitu ere aurki ditzakegu: patxaka edo sagarminak, basaranak eta mizpirak, esaterako. Udazkena une ezinhobea da oreinen marrualdiaren lekuko izateko, orroek txorien kantuekin bat egin, eta orkestra bailiran soinuak elkartuz sortzen den giro berezian murgiltzeko. Usoen zein beste hainbat hegazti migratzaileren pasabidea ere badugu ibarra, Europako iparraldetik negua igarotzeko hegoalderantz abiatzen diren horien pasaleku.

Neguan biluztu egiten zaigu paisaia: pagoak, haritzak, gaztainondoak, hurritzak eta hosto erorkorreko gainerako zuhaitzek hostoak galdurik, berde koloreari eusten diote koniferoek, arteek eta karraskek. Elurra ere edozein unetan irits daiteke, ibarra mantu zuri batekin estaliz. Negu hotzetik babestuta basoko animalia ugarik beren aterpe eta gordelekuetan igarotzen dute negua. Besteek aldiz, oreinak, orkatzak, adarzabalak zein basurdeak kasu, neguaren gordintasunaren arabera izanen dituzte bizi-baldintza hobeak ala okerragoak.

Udaberriak tonu berde fresko eta biziak dakarzkigu. Basoetako soinurik alaienen iratzartzearekin batera, bizitza berpiztu egin dela dirudi. Basoko mantua berriz ere harrotzen da, eta basaloreek soroak bete ahala, udari bide emanez luzatzen dira egunak. Urtaro honetan zehar, basoko fruituekin eginen dugu topo, hala nola marrubi, masusta eta ahabiekin, eta Argaren zurrumurrua zein haren erreka ugariak entzuten ditugun bitartean, argi eta ozen entzun ahal izanen ditugu urretxindorraren kantua, erreka-txoriena eta okilaren soinua ere.

Iparraldean, Kintoko oihanak bidezidor ugari eskaintzen ditu bere pagadiaren baitan. Urtaro guztietan basoko bainuez gozatu ahal izateko toki ezinhobea da. Eta ibarrean zehar aurki ditzakegun bide zein bidezidor ugarietan barna egindako beste ibilaldiek ere ez dute bisitaria axolagabe utziko.

Esteribar ibarra Iruñerriarekin komunikatuta dago, oinez zein bizikletaz, Iruñerriko Mankomunitateko Arga ibai-parkearen bidez Irotz herritik abiatuta.

Eta ezin Donejakue Bidea aipatu gabe utzi: bailararen erdialdeko eta hegoaldeko historiaz eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen duten paraje eta herriak zeharkatzen ditu Esteribarren barna.

Zernahi gisaz, informazio guztia zuen esku izan dezazuen, Zubiriko kiroldegian den turismo gunearekin harremanetan jartzea aholkatzen dizuegu.

Fotografía Patrimonio Natural
Fotografía Patrimonio Natural
Logotipos Subvenciones Turismo Navarra