Euskara Zerbitzuak aisialdiko begiraleentzako formazioa antolatu du heldu den ekainaren 22an Zubirin, hezitzaile, begirale eta entrenatzaileentzako. Hizkuntzaren erabileran eragiteko 4 orduko tailerra izanen da, eta Dindaia Fundazioko teknikariek eskainiko dute.
Euskara ikasten ari diren haurrek baliabideak behar dituzte hizkuntza edozein egoeratan (familian, lagunartean, eskolan) egoki eta eroso erabili ahal izateko. Hizkuntzak ongi ikasteko eta horietan erraztasuna lortzeko maiz erabili behar dira; eta, ahal dela, bizipen positiboekin lotuta. Eskola orduz kanpoko jardueretan euskara erabiltzeak euskara=eskola eta euskara=betebeharra dikotomiak apurtzen lagunduko digu. Zenbat eta jarduera gehiago euskaraz egin, orduan eta erabiltzeko aukera gehiago izanen dute.
Aisialdirako hainbat jardueratan parte hartzeko aukera dituzte umeek: kirola, musika, eskulanak, ludotekak eta abar. Aurten bizi dugun osasun egoerak jarduera horietako asko bertan behera gelditzea ekarri du eta, horren ondorioz, euskararen erabileran gaitasun ezberdinak bereganatzeko aukerak murriztu egin zaizkio haur askori. Inoiz baino gehiago, aisialdiaren eremuan euskaraz aritzea ezinbestekoa da, eta horregatik, begiraleek euskararen erabilera bultzatzeko estrategiez eta teknikez jabetzeko tailerra antolatu du Euskara Zerbitzuak.
Hauek dira landuko diren edukiak:
-Nafarroako eta Esteribarko euskararen egoera eta oinarri soziolinguistikoak
-Aisialdiko jardueretan euskara sustatzeko estrategiak eta teknikak
-Euskara sustatzeko baliabideak eta tresnak
Ikastaroa aproposa da haur eta nerabeekin aritzen diren edozein motatako begirale, hezitzaile edo entrenatzailerentzat (izan kirol arlokoak, musika arlokoak, aisialdikoak edo jangelako, jolastokietako edota autobusetako begiraleak, etab.) eta esteribartarrek lehentasuna izanen badute ere, lekuak bete arte inguruko ibarretako pertsonek ere eman dezakete izena.
Ikastaroa doakoa da eta bukaeran parte hartzaile guztiek agiria jasoko dute. Izen ematea ekainaren 18a baino lehen egin behar da, Esteribarko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarriz, 618 757 377 telefonoan.