INFORMAZIO OROKORRA
Itsas-mailatik 572 metrora eta Iruñetik 18,1 km-ra dago Eskirotz, Arga ibaiaren ezkerraldean. Iparraldean, Ilarratz eta Urdaitz ditu mugakide; hegoaldean, Setoain; ekialdean, Ilarratz; eta mendebaldean, Urdaitz, 22 hektareako herrilurra du (6 larre eta 16 zurgai). Bere mugartetik Donejakue Bidea iragaiten da. 13 biztanle zituen 2025ean.
ONDARE ARKITEKTONIKOA
Santa Kruz eliza (lehen Martin Toursekoa) Ilarratz eta Ezkirotz arteko erdi-bidean dagoen eraikina da, harriz egina, gotiko berantiarrekoa (XVI. mendea), nabe bakarrekoa, alboko kapera batekin (ebanjelioaren aldea), nabearen altuera berekoa, burualde zuzeneko burualdea du eta oinaldean kanpandorrea dauka.
Egindako zenbait aldaketek (XVII. mendetik aurrera) eragina izan zuten haren egituran zein altzarietan ere. Epistolaren aldeko hormatik sartzen da, arkupez babestutako erdi-puntuko arkuko atetik. Estalkiak gurutze-ganga izartua du, eta giltzarriak ditu eremu guztietan, oinen tartean izan ezik, han dinteldun goi-korua baitago, dorrearen beheko aldean. Erretaula nagusia, urre kolorekoa eta polikromatua, faktura garaikidekoa da, eta bere horma-hobi nagusian Santa Luziaren irudia du buru. Santa Luzia tenpluaren jabetza izanda, partikularrei saldu aurretik kendu zuten irudia. Iruñeko artzapezpikutzak partikular bati saldu zion 2008an Santa Kruz eliza (lehen Martin Toursekoa). Elizaren alboan daude Santa Luzia ermita eta gaur egun erabiltzen den hilerria.
JAIAK
Irailaren 14an ospatzen dira, Gurutze Santuaren omenez.