Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu.
Cookie-n Politika

IBARRA

Mapa del Valle de Esteribar

KOKAPENA

Mendebaldeko Pirinioetan kokatutako bailara dugu Esteribar. Bertara iristeko bide nagusiak N-135 Iruñea-Frantzia edota N-138 Iruñea-Frantzia errepidea dira. Lehena Luzaidetik, eta bigarrena Urkiagatik, Nafarroa Behereko norantzan Urepele eta Donibane Garazira garamatzana. Udalerriak Arga ibai-arroa hartzen du hein handi batean, hura Iruñerrian barneratu arte. 140 Km2 inguruko azalera dauka, 26 km-ko luzera eta 6 km-ko zabalera. Mugakide ditu iparraldean Baztan, mendebaldean Arre, Olaibar eta Ezkabarte, hegoaldean Uharte eta Egues, eta ekialdean Lizoain-Arriasgoiti eta Erroibar. Bailarako hiriburua ia erdigune geografikoan kokatzen den Zubiri dugu, biztanle kopuruari dagokionez, egun, herrigunerik populatuena Olloki izan arren.

Arga ibaia Urkiagan jaiotzen da, Kintoan, eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du ibarra.


BALIABIDE TURISTIKOAK

Esteribar bailara potentzial turistiko handikoa da, baliabide natural, paisajistiko, gastronomiko, historiko eta kulturaletan zinez aberatsa baita. Ibarrak ingurune natural aparta dauka, eta nabarmena da bailararen iparralde eta hegoaldearen artekocontrastes kontraste handia.

Iparraldean, Eugi udalerrian, Kintoko oihana dugu. Erreka eta bidezidorrez inguraturik, Pirinioetako Baztan, Erro, Esteribar eta Aldudeko bailarek partekatzen dute mugaz haraindiko naturgune honen jabetza. Dituen ezaugarri bereziak direla eta, Nafarroako baso eremu garrantzitsuenetako bat dugu Kintoa.

Pagadi hau ehun urtetik gorako zuhaitzez osatua da, eta flora eta fauna espezie ugariren babeslekua da, hala nola, oreinak, orkatzak eta basurdeak.

Bailararen erdialdean eta hegoaldean herri ugari daude, gehienak Arga ibaiaren bi ertzetan, ibaiertzeko baso, pinudi, zelai eta soroez jositako paisaia harrigarrian barna.

Esteribarren baliabide turistiko nagusietako bat Donejakue Bidea da, haranaren zati handi bat zeharkatzen duena. Bisitari gehienak erromesak izaten dira, bertako ostatu ugaritan eman ohi dute gaua, izan ere, Zubiri eta Larrasoañako herriak baitira Espainiako Bide Frantsesaren lehen etaparen helmuga. Erromesez gain, geroz eta bisitari gehiagok aukeratzen du bailara bertako ondarea zein baliabide naturalak ezagutzeko.

Hauek dira beste zenbait baliabide turistiko ipagarri:

Eugiko armaola edo burdinazko munizioen errege fabrika, Kintoan. Lan arkeologikoak egin izan dira aurri izugarrietan, eta gauza ziurra da bisita honek ez duela inor axolagabe utziko.

Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun (BIC) izendatu zuen 2016an, monumentu eta gune arkeologiko gisa. Eugiko Kontzejuak bere berreskurapen arkeologikoa sustatu zuen mugaz gaindiko "Yelmo" programaren baitan, Europar Batasunak finantzazioari esker, Feder Funtsen eta ‘Nafarroako Magnesitak’ enpresaren bidez, Pirinioetako Lan Elkartearekin lankidetzan.

Eugiko urtegia, Arga ibaiaren buruan, 1973an inauguratu zen, Iruñea eta Iruñerriko eskualdea urez hornitzeko. Bere funtzio nagusia ahoko ura gordetzea izanda, horrek bertan jarduerak egitea mugatzen badu ere, inguruan paseatzeko aukera ematen duten bidezidor ugariekin batera, paisaia zinez ederra eskaintzen digu urtegiak.

.

Kirol-aisialdiari dagokionez, BTT eta Trailerako ibilbide-sare bat osatu da, eta nabarmentzekoa da zaleen artean izan duen harrera bikaina, bai nazioan zein nazioartean ere.

Mendi-ibiliak egitea oso ohikoa da haranean, bai bertakoentzat eta baita Nafarroako hiriburutik datozen bisitarientzat ere. Ibilbide ugari ditugu, mota guztietakoak eta edozein maila izanda ere egiteko aproposak. Gainera, hainbat trikuharritara iristeko aukera ere bada, besteak beste, Baiarnegi, Iragi edo Armaia ingurukoetara, edota Baratxueta mendiaren hegalean dauden horietara.

Esteribarko kiroldegian, Zubirin, Turismo Informazio Gunea (+34 948304797) eta EREMUAharrera-gunea ditugu, aldagelez gain, garbiketa-box eta guzti.

Mota guztietako bisitariei harrera egitera ohituta dago Esteribarko bailara, eta bere paisaia, historia, natura eta gastronomia aberatsa jartzen du bisitariaren eskura


HISTORIA

Erdi Aroan, Esteribar ezaguna zen "Ehiztarien ibarra" izateagatik, bertako biztanleek ehizaren gainean zituzten pribilegioak zirela eta.

Kintoa, aldiz, Erdi Arotik datorren toponimoa dugu: garai hartan, larreak eta mendia aprobetxatzeko Nafarroako erregeei ordaintzen zitzaien zatia zen, hain zuzen ere, kintoa.

Eugiko Errege Armaola. Eugiren iraganaren zati garrantzitsu bat armagintzari lotutakoa da. XV. mendearen hasieratik, Eugik tradizio luzea izan zuen kasko eta armaduren ekoizpenean. 1536. urtean, Koroak burdinola erosi zuen munizioak sortzeko, eta horrela jaso zuen Errege Armola izena.

Arga ibaiaren garrantziaren erakusle dira bailaran zehar hainbat herritan izandako errota ugariak: besteak beste, Eugi, Urtasun, Zubiri, Urdaitz, Larrasoaña, Zuriain, Irotz, Zabaldikan (bertakoa gero zentral elektriko bihurtua). Elezaharren lekuko, erdi Aroko zubiak ere badira tartean, Iruñerako bidean Arga zeharkatzen dutenak, hauen artean, Zubiriko Rabia edo Errabiaren zubia edota Larrasoañako Bidelapurren zubia. Urtasun, Saigots eta Irozko zubiak berriki zaharberritu dituzte, lehen biak Vianako Printzea erakundeak eta Irozkoa Iruñerriko Mankomunitateak.

Uste denez, Pirinioez bestaldetik Iberiar Penintsulari eragin dioten migrazio eta inbasio handi gehienak Esteribartik barna iritsi ziren.

Berriki, erromatar miliario bat aurkitu da bailaran, Antonino A34 ibilbidean agertzen den XXXIV bidearen adar baten pasabidea kokatzeko balio zuena. Inguruko haranetan azken urteotan egindako aurkikuntza arkeologikoek egiaztatzen dutenez, badirudi gertu dauden Artzibar eta Erroibarretik igarotzen zen Ab Asturica Burdigalam edo Astorga-Bordele bidearen baitako miliarioa dela. Bide hau, Erdi Aroan, Akitania Bide gisa ere izan zen ezaguna. Honetaz gain, burdin garaiko hainbat kastro ere badira bailaran zehar, honen adibide dugu besteak beste Zubiriko herrian kokatzen den Mureluko kastroa.

Erromatar Inperioa suntsitu zuten germaniar inbasioen sarbide ere izan zen Esteribar; ondoren, arabiarrek Frantziaren inbasio saiakeran erabili zuten bidea ere bai, eta, arabiar eta frankoen ostean, jada aro modernoan, Napoleondar inbasioen sarrera bideetako bat ere izan zen.

Erdi Aroan, erromatar galtzadaren oinordekoa zen bide hura, Donejakue Bidearen zati bilakatu zen: gaur egun ezaguna den Bide Frantsesa. Erromesaldi eta Europa arteko kultur trukerako ibilbidea garrantzitsua, X. mendetik XI.era bitartean sortua. XII. mendean, erromesentzako zenbait aterpetxe eta ospitale eraiki ziren Esteribarren, eta Donejakue Bidea bilakatu zen bailararen hegoaldeko komunikazioen arteria.

Horregatik guztiagatik eta Pirinioetan barna Frantziara igarotzeko bide izateagatik, behin baino gehiagotan hartu izan zituen ibarrak erregeak zein nobleak. Apopilo horien ostatu izan ziren Olloki eta Arletako Armagintzako Kaboen Jauregiak, zein Inbuluzketa, Agorreta, Osteritz eta Irozko jauregiak ere.


ESTERIBARKO EGUNA

Ibarreko eguna ekaineko bigarren asteburuan ospatzen da, urtero herri ezberdin batean, herri nagusien artean txandaka: Ollokin, Larrasoañan, Zubirin edota Eugin.

Tira, ongi etorri Esteribarrera, eta gozatu zuen egonaldiaz, hiri eta herri handien zalapartatik at, ingurune benetan paregabeaz.

Fotografía de El Valle
Fotografía de El Valle
Logotipos Subvenciones Turismo Navarra