Itsas-mailatik 542 m-ko altueran, Iruñetik 14 km-tara dago Akerreta, Esteribar bailararen erdian eta Arga ibaiaren ezkerraldean. 11 biztanle ditu (2020) eta iparraldean Larrasoañarekin du muga, ekialdean Setoainekin, mendebaldean Idoirekin eta hegoaldean Ilurdoztik bereizten duen Puno mendiarekin. 168 Ha ditu orotara herri-lurretan (14 larre, 159 zurgai), eta bere lurretatik iragaiten da Donejakue Bidea.
Errege jaurerriaren antzinako tokia zen, eta honakoa ordaintzen zuten bertan bizi ziren nekazari-morroiek 1280an: urteko 39 soldatako petxa edo zerga bat eta 9 kahiz (36 erreguren baliokidea), garagar edo oloaren 3 erregu-lur zor zituzten; bailarako Foruaren tasen arabera (1192), 6 familia inguru zeuden. 1366an erdia gelditu ziren, eta 1427an iraun zuen nekazari bakarrak urtean 6 garagar erregu eta 10 soldata karlin edo garaiko txanpon ematen zituen.
Ibarraren erdigune geografikoan egonda, Akerretako benta deiturikoa izan zen ibarreko udaletxea, gerora Zubirira lekualdatu zen arte.
Jaunaren Transfigurazioaren edo Itxuraldaketaren Eliza hiru ataleko nabea eta burualde zuzeneko burualdea dituen eraikuntza da. Habearte edo nabearen lehen atalean kanoi-gangaz estalita dago, eta gainerakoan luneta-gangaz.
Sarrera epistolaren aldetik egiten da, arkupez babestutako ate xume batetik. Dorrea tenpluaren oinaldean dago.
Barnean erretaula nagusia nabarmentzen da (c. 1554), errenazentista eta eskultura eta pinturazko lan mistoa, Ramon de Oscariz garaiko margolari garrantzitsuaren Iruñeko tailerrean egina. Izaera platereskoko mazoneriarekin banatzen dira eszenak bankuan, bi pisuko bost kaletan eta atikoan banatuta. Alboko kaleetan hamabi margolan daude taula gainean; erdiko kalean, berriz, sagrarioa, irudi titularra eta gurutziltzatua daude, bakoitza bere horma-hobian. Bankuaren ezkerraldetik hasita, Baratzeko Otoitza, Zigorkatzea, Via Crucis eta Pietatea daude. Lehen pisuan, San Fermin, San Bartolome, Kristoren Bataioa eta San Antonio Abad agertzen dira. Eta hirugarrenean eta azkenekoan, Alexandriako Santa Katalina eta Santa Barbara, Mendekostea, Santa Luzia eta Santa Kiteria eta Jasokundea.
Herri honetan dago Esteribar bailarako begiratokia, eta landa-hotela ere bada bertan.
Irailaren 8an ospatzen dira Ama Birjinaren Jaiotzaren omenez.
ITURRIAK
* Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia, I. atala, Nafarroako Erresumaren, Bizkaiko Jaurerriaren eta Araba eta Gipuzkoako probintzien bilduma egiten duena (1802). * Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar de Pascual Madoz (1845-50). * Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Etnografikoa. * Nafarroako Herri Artxiboa. * Nafarroako Entziklopedia Handia.