Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu.
Cookie-n Politika

ANTXORITZ (ANCHORIZ)

Fotografía Antxoritz

INFORMAZIO OROKORRA

28 biztanle (2020) dituen ibarreko kontzejua da. Ibarraren hegoaldean eta Arga ibaiaren eskuinaldean dago kokatuta, itsas mailatik 531 metrora eta Iruñetik 11,5 kilometrora. Herriak ez du herrilurrik, eta partikularrena da bere mugapeko lurralde osoa.


HISTORIA

Dokumentazio zaharrenetan "Ancorice" eta "Ancoritz" grafiak ageri dira. XI. mendearen erdialdean Larrasoañako San Agustin monasterioko jabetzetariko bat zen, mende hori amaitu baino lehen Leireko abadiari erantsia. Ziur asko nobleen jaurerrikoak ziren bertako bizilagunek beren elizako patronatua (1318) Orreagako Andre Mariari utzi zioten.

1802an, bailarako diputatuak eta “etxeen alternatibaz” aukeraturiko (soilik zazpi ziren) herriko erregidoreak gobernatzen zuen herria. Badirudi bere barrutiak 740 erregu-lur zituela, horietatik 240 bat laborantzakoak. Gerra zibileko (1872-1876) bandoetako borrokalarien odol eta bizitza ugari galdu ziren Antxorizko haitz zorrotzen artean pasatzeko ahaleginean.

Baserrien artean, zenbait etxetzar nabarmentzen dira, XVII. eta XVIII. mendeetako ohiko tipologiarekin bat datozenak.


ONDARE ARKITEKTONIKOA

Sortzez Garbiaren eliza Erdi Aroko eraikina da, eta itxura aldatu egin zitzaion XVIII. mendean, estalkia konpondu zenean.

Habearte bakarreko oinplanoa du, laukizuzena, atal bereizirik gabea, burualde zuzenarekin. Habeartea zeru soilez estalita dago, burualdean izan ezik, bertan ertz-ganga bat erabiltzen baita, bokale beheratuko arkua duena. Egurrezko koruaren eremuan Erdi Aroko fajoi baten eta dagokion erlaitzaren abiatzearen aztarnak daude. Sakristia, XVIII. mende hasierakoa, burualdeari atxikita dago, epistolaren aldetik.

Kanpoaldean, atea arku zorrotz soil bat da. Erdi Aroko dorrea habeartearen oinaldean altxatzen da.

Korupean Erdi Aroko bataiarria dago. Presbiterioan erretaula nagusi bat zegoen, Sortzez Garbiaren izenpean, XVII. mendearen lehen erdikoa, oraindik manierista zena. Garaiko pinturak ditu, kalitate kaskarrekoak. Barruan zuen tailu bakarra XVIII. mendeko Inmaculada barroko bat da, polikromia ederrekoa. Harrizko sagrarioa XVI. mendekoa da.

Santa Barbara eta Santa Fe ermitak. Zoritxarrez, ez da arrastorik geratzen antzinako ermitetatik.


NATURA-ONDAREA

Antxorizko haitzak, paisaia-balio handikoak.


ZAINDARIAREN JAIAK

Abenduaren 8an ospatzen dira, Sortzez Garbiaren ohorez.


MENDI-IBILIAK

Bertan ditugu Antxorizko Haitzak, Ibilbide Zirkular interesgarri baten parte direnak, Burlatan Kale Nagusiaren amaieran hasi eta Arreko Trinitateraino tartean. Haitzetatik Arreko dorrerantz joko dugu Larzabalera igotzeko eta gailurretik Arromendi gailurrera eta Antxoritz haitzetara iritsiko gara. Itzulera Zabaldikatik eginen dugu, uren bidetik, aurrerago eta abiapuntura iritsi arte Donejakue bidearekin lotzeko.

Antxoritz herritik bertatik ere zuzenean igo daiteke haitzetaraino, bide beretik joan-etorria eginez.

ITURRIAK

* Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia, I. atala, Nafarroako Erresumaren, Bizkaiko Jaurerriaren eta Araba eta Gipuzkoako probintzien bilduma egiten duena (1802).
* Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar de Pascual Madoz (1845-50).
* Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Etnografikoa.
* Nafarroako Herri Artxiboa.
* Nafarroako Entziklopedia Handia.

Logotipos Subvenciones Turismo Navarra