Esteribarko 15 biztanlekoa (2020). 620 m-ko altitudean, Iruñetik 21 km-ra dago, Arga ibaiaren ezkerraldean. Iparraldean Zubiri du muga, ekialdean Errea, hegoaldean Ilarratz eta mendebaldean Arga ibaia. Done Jakue bidea iragaten bere mugapetik.
Errege-jaurerria zen garai batean. 1280an, 64 soldata eta erdi eta 16 kahiz eta erdi garagar eta olo ordaintzen zituen urteko zerga gisa. Bere mugapean, Landa edo Landazabalgo (Mezkiritz) Santa Maria monasterioak sororen bat bazuen, Antso IV .a Gartzes Peñalengoak (1071) Arabako Fortun apezpikuari emandakoa, bera hiltzean Leireko abadiarako geldi zedin.
Bere mugapean Arrosarioko Ama Birjinaren eliza zegoen. 1989an, Nafarroako Monumentu Katalogoaren arabera, eraikuntzan elementu estilistikorik ez izateak zaildu zuen kronologikoki sailkatu ahal izatea. Eraikina, gainera, hondatuta zegoen, nahiz eta XX. mendean zehar erreformaren bat egina izan. Duela gutxi eraitsi dute azkenik eliza, eta egun, zenbait horma baino ez dira zutik geratzen.
Elizaren oinplanoa nabe bakarrekoa zen, angeluzuzenekoa, tarte desberdinik gabea, nahiz eta estalkian bi isurkiko oholtxoekin batera lau banaketa erakusten zituzten arkuak izan. Koru modernoa nabearen oinaldean zegoen eta zeru zabala zuen.
Armagintza jauregi gisa agertzen da Erresumako nomina ofizialean. 1656an, Errege Zedula bat bidali zen, jauregi horren baitan Motiluarena izeneko etxea eraitzeko, Pedro Fermin Osteriz Jaunarena zen etxea, Bredako hartunean egondako Filipe IV.aren gudarosteen landa-maisuarena, hain zuzen. Erregeak, jauregi berrirako gehien atsegin zuen ikur heraldikoa hautatzeko ahalmena eman zionez, seme zuen Osterizko Martinek “urrezko zelaian, bere zeladarekin suge batekin helduta zegoen lehoia” aukeratu zuen armarrirako. 1723an, Comptos Ganberaren zerrendan, ziuraski, haren biloba izandako Martin Osteriz jaunaren izena agertzen da. 1744an, Francisca de Osteriz andreak auzia ireki zuen bertako kuartelen aurka.
Ikuztegi tradizionala. Lanerako espazioa izateaz gain, topagune eta solasgune ziren ikuztegiak bizilagunentzat. Bertan bildutakoek garbitu bakarrik ez, abestu, istorioak kontatu eta eguneroko bizitzako gertaeren berri ematen zieten elkarri, eta, nola ez, komunitateko bizitzan ere gertaera berriak eragiten zituzten bertan.
Irailaren 8an ospatzen dira, Ama Birjinaren Jaiotzaren omenez.
ITURRIAK
* Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia, I. atala, Nafarroako Erresumaren, Bizkaiko Jaurerriaren eta Araba eta Gipuzkoako probintzien bilduma egiten duena (1802). * Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar de Pascual Madoz (1845-50). * Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Etnografikoa. * Nafarroako Herri Artxiboa. * Nafarroako Entziklopedia Handia.