EUSKARAZKO JOKO ETA JOLASEN ERAKUSKETA AZAROAREN 30EAN GLORIA LARRAINZAR ESKOLAN

A
A

Durangoko azoka ate-joka dugu eta Olentzero ere laster etorriko da. Hori dela eta, Euskara Zerbitzuak euskarazko jokoak zein jolasak aurkeztu nahi dizkizue, gurasoek eta haurrek merkatuak eskaintzen duenaren berri izan dezazuen.

Jokoa integratzailea eta motibatzailea da, gaitasunak garatzeko tresna nagusia, eta haurraren garapenarekin batera hizkuntza garatzeko ezinbestekoa ere bai: sozializazioa eta komunikazioa sustatzen ditu, ideiak eta sentimenduak adierazten laguntzen du… Hizkuntzaren bat-batekotasunaren eremua da, egoera ez-formalen gune naturala. Horregatik, hizkuntzaren alderdi hori euskaraz ere garatzea nahi badugu, aukerak eman behar dizkiegu haurrei, eta horretarako biderik egokiena da merkatuan ditugun euskarazko jostailu eta jokoen alde egitea.

Azaroaren 30ean, asteartez, joko eta jostailuen erakusketa antolatu dugu Gloria Larrainzar ikastetxeko psikomotrizitate gelan arratsaldeko 17.00etatik 19.00etara. Jokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dugu bertan, joko kooperatiboak, ez-sexistak eta euskararen erabilera sustatzen dutenak. Gonbidatuta zaudete haurrekin etortzera!

Aste honetan banatuko dugu Esteribarren euskarazko produktuen 2021-2022 katalogoa, paperean bertan aurkituko dituzue 0-16 urtera bitarteko euskarazko liburu, jostailu, komiki, film, aldizkari zein musika berritasunak ere.

Euskara oparitzen jarraitzera gonbidatzen zaituztegu!

Menú principal x