
Udaleko euskara zerbitzua eta Gargarintxo ludotekaren eskutik, Esteribarren ere Gau Beltza ospatuko dugu, eta hainbat tailer eta jarduera antolatu ditugu 31ko astean zehar.
Udazkenetik negurako egunak gero eta ilunagoak dira, eta Europa osoan eta Euskal Herrian ere, erritu ezberdinak egin izan dira garai honi lotuta. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideak gogoratzea… Barrura begira jartzen gaitu garai honek eta iluntasunak protagonismo berezia hartzen du.
Gau Beltza naturari eta naturaren zikloei lotuta dago, eta udazken-neguko sasoiko fruituei, kalabazak, sagarrak, intxaurrak, gaztainak… ez du kontsumoa sustatu nahi, naturarekiko lotura berreskuratzea bilatzen du, eta etxeko trapu zaharrak erabiltzen dira. Gau beltzak keinu egiten dio heriotzari, ziklo amaierei, bizitzaren aldaketei… euskaraz sortua eta euskaraz bizitzeko egina da, komunitatea du ardatza eta bestelako baloreak sustatzen dituzten ereduak alde batera uzteko eta bertako jatorrizko ohiturak berreskuratzeko proposamena da: tokian tokira egokitua eta parte hartzailea.
Azken urteetan Gau Beltza antolatu dugu Zubirin, Udaleko euskara zerbitzuaren eta Gargarintxo ludotekaren eskutik, tokiko kultura eta gure hizkuntza sustatuz. Astean zehar, 27tik 31ra, hainbat tailer eta jarduera antolatu ditugu:
URRIAK 27, igandea
-Gaztain biltzea familiartean Eugin 11:00-14:00
-Gau Beltzako tailerra eta ginkana Ollokin 18:00-20:00, gizarte-etxean 5-12 urtekoei zuzenduta (izen-emateak: 614 261 833)
URRIAK 29, asteartea
– Gau Beltzako mozorro eta apainketa tailerra Zubirin 18.30-20.30, ludotekan. 10-14 urtekoei zuzenduta (izen-emateak: 614 261 833).
URRIAK 31, osteguna
-Gau Beltza Zubirin, 18:30etik goiti herriko frontoian: mozorro sorkuntza, aurpegi margoketa, ginkana eta kalejira herrian barna.
INFO gehiago eta bestelako baliabideak Gau Beltzari buruz: https://gaubeltza.eus/ atarian