
Dagoeneko familia asko udako oporrei begira jarrita daude. Uda luzea izaten da eta horrek plan ugari eta ezberdinak egiteko aukera ematen du. Sasoi honetan izaten dira udalekuak, egun batzuk lagunartean euskaraz pasatzeko bide hagitz aproposa, denetarik eginen baitute: adinkide berriak ezagutu, abenturak bizi, naturaz gozatu, eta euskara jolas giroan praktikatu, besteak beste.
Esteribarko udal ludotekak goizeko kanpaldiak antolatuko ditu aurten ere, eta, horrez gain, euskarazko udalekuak ere aukera paregabea dira lagun berriak egin eta abentura berrietan murgiltzeko. Baserri-eskola, multiabentura, ur-ekintzak, bertso udalekuak… Aukera zabala dago!
Urtero bezala, Nafarroako euskara zerbitzuek euskarazko udaleku eskaintza ezberdinen bilduma egin dute, familiek informazioa eta izen ematea ahalik eta errazen bilatu ahal izan dezaten. Honako helbide honetan duzue informazio guztia eguneratuta: https://eranafarroa.eus/baliabideak/eskolaz-kanpoko-eskaintza/udalekuak/
Gogoan izan Esteribarko Udalak diruz laguntzen duela udako oporraldian euskara hutsezko udalekuetan parte hartzea.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, galdetu udaleko euskara zerbitzuan.