Hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu gure webgunean. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ados zaudela ulertuko dugu.
Cookie-n Politika

SARASIBAR

Fotografía Sarasibar

INFORMAZIO OROKORRA

Esteribar ibarreko kontzejua da eta 32 biztanle ditu (2020). 563 metrora eta Iruñetik 16 kilometrora dago. Arga ibaiaren eskuinaldean dago, eta mugakide ditu iparraldean Esain, ekialdean Larrasoaña, hegoaldean Idoi, eta mendebaldean Osakain.


HISTORIA

Garai batean errege jaurerri izandakoa, 1280an 17 soldatako urteko petxa edo zerga zor zuena: diru bat, kahiz bat eta imina garagar eta olo, bailararekin batera likidatutako "afari" kontzeptuan legokiokeen zatia kontatu gabe. Petxak, ondoren, Pedro Perez Agorretarenak izan ziren, eta honek, Orreagako Santa Mariari saldu zizkion (1324).

1835-1845eko udal-erreformak egin arte, ibarreko diputatuak eta etxeen artean txandaka hautaturiko herriko erregidoreak gobernatzen zuten herria (hamabi etxe eta hondatutako bat XIX. mendearen hasieran; hamabi bizilagun mende erdialdean). 1849an, Sarasibarko haurrak Larrasoañako eskolara joaten ziren, eta bizilagunek zuten beren erretorea aurkezteko eskubidea.


ONDARE ARKITEKTONIKOA

Nunilo eta Alodia santuen Eliza, harriz eginiko landa eraikuntza da, zaharberritze eta berrikuntzen ondorioz, asko eraldatua. Habearte bakarra du, burualde zuzena eta kanpandorrea oinaldean. Sarrera epistolaren aldeko hormatik egiten da, eta arkupeak babesten duen erdi-puntuko arkudun atea du. Ebanjelioaren aldean kapera bat eta sakristia daude atxikita. Sakristia burualdearen ondoan dago, eta presbiteriotik du sarbidea. Esparru osoa duela gutxi eraikitako ganga beheratu batek estaltzen du. Bere altzarien artean, ebanjelioaren alboko kaperako egur gotikoko Ama Birjina eta Haurraren tailua (K.a. 1300) nabarmentzen da, eta honekin batera, sakristian gordetzen den zilarrezko parrokia-gurutzea ere.

Nafarroako urregintza-pieza garrantzitsu bat da -baliteke Iruñeko lantegikoa izatea-, 1600 ingurukoa, ezaugarri gotiko eta joera manieristaduna. Gurutze latindar bat da, apaindura oparoz aberastua alde bakoitzean, eta tenplete poligonal formako lotunea erliebeekin apainduta duela. Edertasun nabaria dute bi gurutzaduren irudiek: Kalbarioa aurrekaldean eta atzealdean Nunilo eta Alodia santuak, parrokiaren titularrak.

XIX. mendean zaharberritutako erretaula nagusiak, santu titularrak dituen erliebe nagusia mantentzen du, beste erretaula batez baliaturikoa. XVI. mendeko hirugarren laurdeneko lan erromanista da, Miguel de Espinal (1553-1590) irudigilearena izan daitekeena, izan ere, Sarasibartik hurbil dagoen Galdurozko erretaula nagusiko erliebeen antzekotasuna handia baita.


JAIAK

Urriko hirugarren asteburuan ospatzen dira, Nunilo eta Alodia Santuen omenez.

ITURRIAK

* Diccionario geográfico-histórico de España por la Real Academia de la Historia, I. atala, Nafarroako Erresumaren, Bizkaiko Jaurerriaren eta Araba eta Gipuzkoako probintzien bilduma egiten duena (1802).
* Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar de Pascual Madoz (1845-50).
* Nafarroako Unibertsitateko Artxibo Etnografikoa.
* Nafarroako Herri Artxiboa.
* Nafarroako Entziklopedia Handia.

Logotipos Subvenciones Turismo Navarra