Esteribarko Euskara Zerbitzua

A
A

Euskara Zerbitzuaren zeregin nagusia da Esteribarko gizarte-bizikidetzaren esparru guztietan euskararen erabilera indartzea. Horretarako, hizkuntza-normalizaziorako baliabideak eta bitartekoak martxan jarri eta euskararen sustapenerako jarduera planak prestatu eta kudeatzen ditu zerbitzuak, udalaren barnean zein udalerri osora begira.

Esteribarko Euskara Zerbitzuak hainbat proiektu eta egitasmo lantzen ditu Nafarroako Udaletako Euskara Teknikarien Sarearekin (NUETS) lankidetzan, eta eskuz esku ari da ibarreko elkarte, eragile eta entitateekin elkarlanean euskararen presentzia zein erabilera indartzeko.

Euskara Zerbitzuaren eginkizun nagusiak:

  • Esteribarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapenerako proiektuak, plan sektorialak eta jarduerak diseinatzea, planifikatzea eta ezartzea.
  • Herritarrei arreta, informazioa eta argibideak ematea euskararen garapenari eta sustapenari buruzko gaien kudeaketan.
  • Euskararekin zerikusia duten herritarren mugimendu eta ekimenei laguntzea, hizkuntza sustatzeko eta berreskuratzeko ahaleginak partekatzeko.
  • Udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen udal-ordenantza garatzea eta honen jarraipena egitea.
  • Udal-langileak euskalduntzeko planarekin lotutako kudeaketak sustatzea eta gauzatzea.
  • Gainerako udal zerbitzuetan euskararen erabilera indartzeko zeharkako lan-lerroak eta planak garatzea.
  • Toki entitatearen zein gainerako zerbitzu publikoen dokumentazio ofiziala euskaraz eskaintzen dela bermatzea, eta horretarako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua zein bestelako baliabideak jartzea.

Jarduerak eta kanpainak

  • ERA.eus ataria. Euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko asmoz sortutako webgunea. Euskaraz dakiten eta ez dakiten gurasoek aholkularitzarako artikuluak eta bideoak aurkituko dituzte, eskolaz kanpoko Nafarroako eskaintza jasotzen duen aisialdi eta kultur agenda zabala.
  • Ongi etorri jaioberri. Haurrak jaiotzen diren urtean etxera igortzen zaien liburuxka.
  • Jolastuko gara? haur txikiak dituzten guraso orori eskainitako saioa da, euskarazko kantu eta jolasak ikasi eta praktikan jartzeko.
  • Ipuinaren Ordua. Esteribarren egiten den urteroko ekimena dugu, haurren artean irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz. Aurreko urteetan nagusiki Eugin egiten bazen ere, ibar osora zabaldu eta egun, herri desberdinetan egiten dira saioak.
  • Xamarikorekin Jolasean. Gloria Larrainzar Ikastetxe Publikoan HHn eta LHko 1. mailan, jostaldietan euskal jolasen bitartez hizkuntza-gaitasuna indartzeko jarduera.
  • Bertsolaritza irakaskuntzan. LH5. eta LH6. mailetan, bertsoen bidez, ahozkotasuna lantzeko programa.
  • Udalekuak euskaraz. Euskal Herri mailan eskaintzen diren euskarazko udalekuen bildumaren zabalpena, LHrako zein DBHrako.
  • Euskarazko Produktuen Katalogoa. 0-16 urtekoentzat eta haien gurasoentzako euskarazko produktuak eskaintzen ditu. Azaro aldera argitaratu eta ikastetxean eta haur eskolan banatzen da liburuxka, eta urte osoan zehar kontsulta daiteke katalogoa.eus atarian.
  • Helduen matrikulazio kanpaina. Helduak euskara ikastera bultzatzeko kanpaina.
  • Elaide.eus ataria.  Euskaraz ikasten ari direnei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Bertan aurkituko dute euskaltegiei eta dirulaguntzei buruzko informazioa, eta, horrez gain, ikasketekin laguntzeko behar dituzten baliabideak, eta euskarazko kultur agenda, agenda soziala eta aisialdian erabiltzeko liburuak, bideoak, pelikulak…
  • Irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak: Irakurriz Gozatu ekimenaren baitan, Gaztezulo aldizkariaren banaketa egiten da ibarreko 16-18 urte bitarteko gazteentzat eta Irria aldizkaria haurrentzat. Album ilustratuen Etxepare sarian ere parte hartzen dugu.
  • Kultur-jarduerak. Ibarreko kontzeju, elkarte eta entitateekin elkarlanean antolatzen dira urtean zehar: Eugiko bertso merendua, sormen-tailerrak herriz-herri, Liburutan Blai ekimena udan, zinema saioak herriz-herri… zein bestelako ikuskizun eta tailerrak.
  • Euskaraldia.  Bi urtean behin Euskaraldia izaten da udazkenean, ibarreko ahobizi eta belarriprest oro zein ariguneak indartzeko.
  • Euskararen Eguna. Euskara Zerbitzuak Euskararen Eguna antolatzen du urtero, ibarreko euskaltzaleekin elkarlanean, hainbat jarduera eskainiz.
  • Euskara ikasteko helduentzako dirulaguntza: Udalak dirulaguntza deialdia egiten du urtero ikastaro estentsibo, trinko zein barnetegietarako. Ekainetik abuztura bitartean izaten da eskaerak egiteko epea. Informazio gehiago hemen.
  • Euskarazko udalekuen dirulaguntza. Udalak diruz laguntzen ditu irailean ateratzen duen deialdiaren bidez. Informazio gehiago hemen.
  • Ze berri? euskararen sustapenerako udal-arteko aldizkaria. Urtean 6 zenbaki argitaratzen dira, 95.000 aleko tirada du eta etxez etxe banatzen da. Urte osoan zehar kontsulta daiteke webgunean.

Ondoko zerbitzu hauek ere eskaintzen dizkizu:

  • Hizkuntza arloko aholkularitza.
  • Itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzua. Jendaurrerako testuen doako zerbitzua eskaintzen zaie Esteribarko eremuan lan egin eta euskaraz egiten ez duten dendariei, ostalariei, elkarteei… Zuzenketa zerbitzua ere ematen da. Galdetu baldintzen inguruan Euskara Zerbitzuan.
  • Herritarrentzako arreta, administrazio-prozedurak euskaraz izapidetzen laguntzeko eta soziolinguistikarekin zerikusia duten gaien inguruan.
  • Toponimiari eta udalerriko kaleen, plazen eta lekuen izenei buruzko argibideak, bai eta grafia zuzenari buruzkoa ere.
  • Erregistro zibilean izen-abizenak euskaraz erregistratzeari buruzko argibideak.
  • Dirulaguntzei buruzko aholkularitza zerbitzua.

Esteribarko Euskara Zerbitzua

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Main Menu x