Fatxada, izkinetako dorreak eta barrukaldeko arma-patioa nabarmentzen dira. Jauregi hau Olloki familiarena izan zen XIX. mendeko hasiera arte.
Esteribarren Dorretxe edo Jauregi gehiago egon ziren, adibidez Inbuluzketan, Ilurdotzen, Arletan, Urtasunen, Osteritzen edo Urdaitzen, baina Ollokitarrek Nafarroako historian paper berezia izan zuten. Konkista garaian, Joanes, Ollokiko jauna (Joanes Ollokikoa eta Margarita Jatsu eta Atondokoaren semea, beraz, San Frantzisko Xabierkoaren lehengusua), Agramondarren kausari leial, Katalina I.a eta Joanes Albretekoarekin bat egin zuen Erresumaren askatze saiakeretan. 1516. urtean Erronkarin borrokatu zen (espetxea pairatu zuen horregatik) eta 1521. urtean Amaiurko erresistentzian parte hartu zuen. Konkistatzaileek Ollokiko jauregia kentzeko agindua eman bazuten ere, Margarita andreak jabegoari eustea lortu zuen.